XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEITZA

Mendi taldearen aurkezpena eginen da abenduaren 17an Zineman

Gasherbrum-II Bortzirietako espedizioaren diapositiba emanaldia eskainiko da

Abenduaren 17an, arratsaldeko 8etan, mendi taldearen aurkezpena izanen da zineman.

Bertan, Arantzako Ana Larretxeak emandako Himalayako Gasherbrum II mendira egindako igoeraren proiekzioa ere ikusi ahal izanen dugu.

Taldea Aurrera K.E.ko sekzio bezala sortzen da, nahiz eta antolaketa eta funtzionamenduan autonomi osoa izan.

Hainbat asmo azaldu dizkigute: hilero irteera bat antolatuko dute; hitzaldiak, proiekzioak, ikastaroak... antolatuko dituzte; Leitzako mendien gidatxo bat egiteko asmoa dute; mendien inguruko bibliografia eta informazioa bildu behar dute, ondoren jendeari eskura jartzeko.

Horretaz gain, eraikiko den kiroldegian rokodromoa jartzeko eskatu diote Udalari.

Leitzako Udala Udalbiltzako kide

Udalak, azaroaren 21ean egindako batzarrean, EH eta EAko zinegotzien aldeko botoekin, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrako Udalbiltza kide izateko erabakia hartu zuten.

Udalbiltzaren helburu eta egitekoak dira, besteak beste: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta bere egituraketa politikoa eraikitzeari laguntza ematea.

Nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik eta euskal herritar guztien erabaki eta partehartze askean oinarriturik.

Borondateak pilatu eta batzeko sortu da eta herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea du beste helburutariko bat.

Gainera Euskal Herria nazio berezkoa eta ezberdindua dela eta Nazio gisa ihardun nahi duela Europako geroko egituraketan nazioartean aldarrikatzeko konpromezua hartzen du.

Leitzaketa jokoa aurkeztu dute Euskara Zerbitzuak eta Kultur Taldeak

Leitzako Kultur Taldeak eta Euskara Zerbitzuak Leitzaketa jokoaren aurkezpena egin berri dute.

Leitzari buruzko 1.000 galdera ditu eta gai ezberdinak lantzen ditu: baserriak, festak, historia, toki izenak, esaerak...

Sortzaileen esanetan jokoaren helburua Leitza, bere historia, kultura, izaera, euskara, bizimodua... hobeki ezagutzeko bide erraz, atsegin eta entretenigarria herritarrei eskaintzea da. Laster salgai izanen da Astiz eta Maimur liburudendatan.

Mendi taldeak Bertizko Parkera egindako irteeran 26 lagunek hartu zuten parte eta Leitzalarrera bizikletaz egindakoan 25 umek.